Bideokamaratik bideo digitalera terminalean
Bideokamararekin grabatzen ibili gara eta orain ordenagailura sartu nahi dugu. Horretarako errazena dvgrab erabiltzea da. Programa honek FireWire konexioa duten kamerek grabatutakoa disko gogorrean gordetzen du, hori bai, konprimitu gabe.
Erabilera oso erraza da: Bideokamara gure ordenagailuaren FireWire portura konektatzen dugu eta komando hau exekutatzen dugu:
dvgrab zinta1-
zinta1- ordenagailuan sortuko diren fitxategien izen zati bat da. Guk nahi duguna jar dezakegu, eta dvgrab giga bateko fitxategiak sortzen eta zenbakitzen joango da. Normalean DV zinta batean 14 giga kabitzen direnez, dvgrab bukatzean honako zerbait izango ditugu:
zinta1-001.avi zinta1-002.avi zinta1-003.avi zinta1-004.avi zinta1-...
Oso ongi, orain bideo guztiak gure ordenagailuan daude, zer egin dezakegu orain? Ba gauza asko. ffmpeg programa bideo bihurtzaile oso ahaltsua da. Programa honen bidez bideoa konprimitu dezakegu, audioa eta bideoa banatu edo elkartu, eta bideo zein audioaren parametro asko konfiguratu. Hemen doaz adibide batzuk:
Bideoa .avi formatutik .mpeg formatura pasa:
ffmpeg -i zinta1-001.avi zinta1-001.mpeg
Bideotik soinua atera eta aparteko fitxategi batean gorde:
ffmpeg -i zinta1-001.avi zinta1-001.wav
Bideoa vcd formatura pasa eta autore bezala zure izena jarri:
ffmpeg -i zinta1-001.avi -author nireIzena -target vcd /tmp/vcd.mpg
Irudi bat hartu eta bideo bat sortu berarekin:
ffmpeg -r 1/5 -f image2 -i posta%01d.png -r 25 -y froga.avi
Kontutan izan pare bat irudi behar direla, posta1.png eta posta2.png.
Ffmpeg helburuko fitxategiaren luzapena begiratzen du eta horren arabera dagozkion parametroak konfiguratzen ditu. Dena den, parametro pilo bat eskuz konfigura daitezke, manualean ikusi ahal den bezala:
man ffmpeg
Baina noski, terminalari beldurra diotenentzat Kino eta Cinelerra geratzen dira!